2017 Etxepare Saria

2017 Etxepare Saria

Ainara Azpiazu Aduriz Euskal Irudigileko bazkidea eta Paula Estévez Del Diego egileek irabazi dute 2017ko Etxepare saria ARRAROA albumarekin.

Etxepare sarian 26 lan aurkeztu dira. Lan irabazlea: Haur batek gaurko gizartearen aniztasunari erreparatzen dio bere etxeko leihotik. Neskatoak hamabi egoera bitxi aurkezten dizkigu eta modu sinple bezain grafikoan egiten du auzokide bakoitzaren argazkia, biñeta gisa, topikoei ihesi, eta benetako errealitatea agerian utziz.

Epaimahaia:Yolanda Arrieta (idazlea), Maite Gurrutxaga (ilustratzailea) eta Asun Agiriano (album ilustratuan aditua).

Epaimahaikideek azpimarratutakoa:
“Egileek modu bikainean elkartu dituzte hitza eta irudia. Testuaren bidez egoerak aurkeztu ahala, irudien bidez egoera horiek bizia hartzen dute, umorea lagun eta detaileei arreta jarrita. Hizkuntza biek originaltasuna, indarra eta askatasuna erakusten dute. Kolore biziek, berriz, areagotu baino ez dute egiten lanari darion bizipoza.
ARRAROA lan ausarta eta grafikoki interesgarria da. Album ilustratuaren definizioari trebeki heltzen dio, testua irudiaren bidez osatzen delarik, eta baita alderantziz ere. Tonua album guztian mantentzea lortzen du, liburu orekatua lortuz.
Album ilustratu honek estereotipoak alboratzeko proposamen umoretsua eskaintzen digu eta, aldi berean, irakurleoi gogoeta egiteko aukera helarazten.”

Saria: Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.
Argitalpena: Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2017ko udazkenean.

Share Button