2018 urteko Irudikako Ilustrazio eta Animazio egoitzak

2018 urteko Irudikako Ilustrazio eta Animazio egoitzak

Irudikak aukeratuak ditu 2018rako ilustrazio eta animazio egoitza berrietarako lehenengo bi proiektuak

Raisa Álava eta Fernando Vazquez artistak izan dira aukeratuak, lehenengoa ilustrazio kategorian eta bigarrena animazio atalean.

Bi egoitza horiek Euskadin eta Angoulêmen (Frantzia) egingo dira, martxoaren 10etik apirilaren 30era. Artista biei 1000na euroko laguntza emango zaie beren lana garatzeko, eta beste hainbeste dieta eta bidaia gastuetarako.

Egonaldiak dirauen artean artistek proiektu pertsonal bat egingo dute; egonaldiaren buruan erakusketa bat antolatuko da lan horrekin, eta 2018ko Irudika Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionalaren kartela eta animazioa egingo dute.

Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak iragan urtarrilaren 9an aukeratu zituen Irudika Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionaleko bi egoitzen irabazleak, epaimahaian zeudelarik, Ilustratzaileen Elkarteko kideekin batera, sektoreko profesionalak eta ekoizpen artistikoko BilbaoArte zentroko eta Maison des Auteurs-eko (Angoulême) ordezkariak.

Raisa Álava artista arabarra izan da aukeratua ilustrazio kategorian bere “Popol Vuh” proiektuarekin, eta Fernando Vázquez errealizatzaile argentinarra animazio sailean bere “Colibrí” piezarekin. Vázquez orobat saritua izan zen Irudika topaketaren lehen edizioan, iragan azaroaren 11n, Ivan Miñambres eta Carlos Grassa Torok osatutako epaimahaiaren erabakiz.

Epaimahaiak merezimendu hauek aitortu dizkio Raisa Álavaren lanari: “bere nortasuna, freskotasuna, eta bere gaitasuna euskarri desberdinekin esperimentatzeko eta ilustrazioa paperetik eta liburutik harago eramateko.” Badu estetika bat “indartsua, nortasun eta izaera handikoa”, eta gaitasuna “interpretazio libreko giro eta istorio oso erakargarriak eraikitzeko.”

Fernando Vázquezen kasuan epaimahaiak laudagarri aurkitu zituen “bere freskotasuna eta kalitatea, bai bere irudi indartsuengatik, bai bere erritmoagatik”, eta “akaberetan ageri duen talentu eta kalitate handia”.

Egileek beren proiektuak ahalik eta baldintza onenetan garatu ditzaten, egonaldi artistiko bana egingo dute Euskadin eta Angoulêmen, martxoaren 10etik apirilaren 30era bitartean. Horrez gain, 1000na euroko laguntza jasoko dute beren lana egiteko, beste 1000na € dieta, egonaldi eta bidaietarako, Vital Kutxa Fundazioak emanik, eta Adobe Creative programa erabiltzeko harpidetza bat.

Irudikak eskainitako egoitza artistiko horietan egile bakoitzak proiektu pertsonal bat garatuko du, haren buruan erakusketa bat antolatuko da egindako lanarekin, eta 2018ko Topaketaren kartela eta animazioa egingo dute.

Ekimen horrekin Irudikak beste urrats bat ematen du ilustrazioaren sektorea profesionalizatzen laguntzeko bidean eta nazioarteko mapan jartzen du Euskadi, ekimen horretan laguntzaile harturik Gasteiz eta Angoulême hirien arteko senidetzea, Euskal Irudigileak elkarteak BilbaoArte zentroarekin duen lankidetza estua eta Vital Kutxa Fundazioaren babesa.

Share Button