EUSKAL IRUDIGILEAK ELKARTEAREN PARTE-HARTZEA FRANKFURTEKO LIBURU AZOKAN

EUSKAL IRUDIGILEAK ELKARTEAREN PARTE-HARTZEA FRANKFURTEKO LIBURU AZOKAN

Datorren urriaren 10etik 14ra Frankfurten izango gara bertatik bertara ezagutarazteko Irudika, euskal ilustrazioa eta Euskadin “Basque Books” markaren babesean eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortzen diren argitalpen alternatibo eta fanzineak. Aukera hau aprobetxatuz, hainbat deialdi abiarazi ditugu Azokako standaren irudia sortzeko eta han ikusgai jarriko diren fanzineak, auto-editatuak edo argitalpen alternatiboak prestatzeko, standera hurbiltzen diren editore edo literatur agenteek kontsulta ditzaten. OSO GARRANTZITSUA DA BAZKIDEEK AUKERA HAU APROBETXATZEA, BERAZ, ADI DEIALDIEI.

INPRIMATUTAKO PORTFOLIOAK, FANZINEAK, AUTO-EDITATUAK ETA ARGITALPEN ALTERNATIBOAK BILTZEKO:
Irailaren 20ra arte euskal ilustratzaileek sortutako argitalpenen ale 1 jasoko dugu Frankfurtera eramateko eta interesatutako editore eta literatur agenteei erakusteko.
Lanak fisikoki jasotzeko ordutegia astelehenetik ostegunera izango da, goizeko 9:00etatik eguerdiko 14:00etara, Atxuri kaleko 16 behean (ezkerra), Bilbon. Postaz bidali nahi izanez gero: 10038 posta kutxa, 48005 Bilbo (zigilu-markak irailaren 20a baino arinagokoa izan behar du).
Era berean, posta elektroniko bat bidali behar da argitalpenaren fitxa teknikoarekin (egilearen izena, noiz sortu/argitaratu den, formatua, ISBN zenbakia –balidin eta badauka…) eta objektuaren argazki batekin.
GERO ARGITALPEN HORIEK ELKARTEAREN LIBURUTEGI BERRIAN GORDEKO DIRA, ETA IRUDIKA AZOKARA ERAMANGO DITUGU HIZLARIEK ETA PARTE-HARTZAILEEK KONTSULTATU DITZATEN.

BAZKIDEENTZAKO DEIALDIA
Estanpatu bat sortuko dugu bazkideen ilustrazioekin, gure oihanaren inbentario bat bailitzan, eta paper margotu moduan erakutsiko dugu. Irudi horiexek erabiliko ditugu aurten, elkartearen 15. urteurrena ospatzeko abiaraziko dugun webgune berria janzteko. Hauxe eskatzen dizuegu:
Sinadura bat zuen IZENAREKIN edo IZENGOITIAREKIN

ANIMALIA baten ilustrazio bat (grisen eskalan edo tinta beltz lauarekin. 300ppp, tamaina 15x15cm)

LANDARE baten ilustrazio bat (grisen eskalan edo tinta beltz lauarekin. 300ppp, tamaina 15x15cm)
IRUDIAK BIRZIKLATU DITZAKEZUE EDO BERRI SINPLE BATZUK SORTU. Artxiboak 2018ko irailaren 20a baino lehen bidali beharko dizkiguzue info@euskalirudigileak.com helbidera, kontzeptuan “Frankfurt” jarrita.

Share Button