EUSKAL ILUSTRATZAILEENTZAKO DEIALDIA CHEJOV VS SHAKESPEARE PROIEKTURAKO AZALA SORTZEKO

EUSKAL ILUSTRATZAILEENTZAKO DEIALDIA  CHEJOV VS SHAKESPEARE  PROIEKTURAKO AZALA SORTZEKO

EUSKAL ILUSTRATZAILEENTZAKO DEIALDIA
CHEJOV VS SHAKESPEARE PROIEKTURAKO AZALA SORTZEKO

2019. urtean zehar Etxepare Euskal Institutuak “Scotland goes Basque” izeneko programa gauzatuko du Eskozian, bertan euskal kultura eta euskara ezagutaratzeko helburuarekin. Egitarau horretan baitan euskal sortzaileek parte-hartze berezia izango dute Edinburgoko Nazioarteko Liburu Jaialdian, eta horren baitan aurkeztuko dute Chejov vs. Shakespeare proiektuaren edizio berria.

Chejov vs. Shakespeare proiektua Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan gauzatu zen lehen aldiz, eta helburu izan zuen lurralde eta hizkuntza ezberdinetako idazleek gutun-trukea egitea Europaren erronka eta gatazken inguruan aritzeko.

Orduko hartan zortzi liburu argitaratu ziren, eta honako ilustratzaileek egin zituzten azalak: Amaia Arrazola, Iban Barrenetxea, Maite Gurrutxaga, Elena Odriozola, Iker Ayestaran, Ivan Mata, Javier de Isusi eta Sara Morante.

Edizio honetan, Iban Zaldua euskal idazleak eta James Robertson idazle eskoziarrak seina gutun bidaliko dizkiote elkarri, eta Europa, identitatea, hizkuntza eta literatura izango dituzte mintzagai.

Gutun-truke hori argitalpen batean bilduko da (hasiera batean online baina ale batzuk inprimatzeko asmoarekin).
Etxepare Euskal Institutuak interesa adierazi du argitalpen horren azala euskal ilustratzaile batek egin dezan. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren kasuan egin zen bezala, betiere lehendik parte hartu duten ilustratzaileak errepikatu gabe.

Argitalpena doan banatzeko izango da eta zabalkunderako eta sustapenerako baizik ez du erabiliko Etxepare Euskal Institutuak.

Euskal Irudigileak elkarteak deialdi honetako bitartekari gisa jardungo du, bere gain hartuz oinarriak prestatzeko eta obra hautatzeko zeregina. Horretarako epaimahai profesional bat eratuko dugu eta horren hautua maiatzean jakinaraziko da.

DEIALDIAREN PROZEDURA ETA DATAK:

  •  Parte-hartzaileak aurrez egindako 5 irudik osatutako dosierra bidali beharko du (.jpg edo .pdf fitxategiak izan daitezke, gehienez ere 4Mb-koak).
  • Prozedura errazteko eta parte-hartzaileei bidea arintzeko, argazkiak posta elektronikoz bidali beharko dira beheko helbidera apirilaren 24a baino lehen, data horretan amaituko baita eskaerak aurkezteko epea:
    [email protected]
  •  Irudiekin batera CV eguneratua edo datu pertsonalen fitxa (NAN, jaiotza-data, lekua, posta helbide arrunta eta elektronikoa, telefonoa eta web-orria) ere bidali beharko du parte-hartzaileak.

ESKAKIZUNAK:

  • Euskararen eremuan lan egitea, Euskal Irudigileak elkarteko kide izatea edo Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea.

ORDAINSARIA:

  • Hautatuak kontratua sinatuko du Etxepare Euskal Institutuarekin eta bertan zehaztuko dira zenbatekoa eta ordaintzeko modua (500 € gordin).

EPAIMAHAIA ETA EPAIA:

  • Epaimahaiaren epaia Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskal Irudigileak elkartearen webguneen eta horien sare sozialen bidez jakinaraziko da 2019ko maiatzaren 13an.
    ESKUBIDEAK ETA LEGE ERANTZUKIZUNAK
  •  Argitalpena Creative Commons lizentziapean kaleratuko da.
  • Irabazleak ilustrazio lana 2019ko ekainaren 14rako amaituta izateko konpromisoa izango du.
  • Parte-hartzailea izango da hirugarren baten edozein eskubide urratzeagatik erator daitezkeen erreklamazioen erantzule, jabetza intelektual eta industrialaren eskubideekin edo irudi eskubideekin zerikusia dutenak barne direla.

ONARTZEA

Deialdia honetan parte hartzeak esan nahiko du aipatutako oinarri guziak onartzen direla, baita beharrezko izanez gero deialdiaren antolatzaileek oinarri horien inguruan egin dezaketen interpretazioa ere.

Datu pertsonalen babesa

Izena emateko orrien bidez lortutako datuak lehiaketaren oinarrien arabera erabiliko dira eta ez zaizkie inola ere hirugarrenei jakinaraziko edo utziko. Datu pertsonalen babesaren inguruan indarrean dagoen araudiarekin bat, emandako datu guztiak Euskal Irudigileak elkartearen ardurapekoa den fitxategi automatizatu batean sartuko dira, lehiaketako parte-hartzea behar bezala kudeatzeko eta oinarri hauetan jasotakoa behar bezala betetzeko helburuarekin. Une oro jo ahal izango da fitxategi horretara datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko edo horiei aurka egiteko eskubideaz baliatzeko. Hori indarrean dagoen araudiaren arabera egingo da, idatziz, honako helbideetan: [email protected] edo EUSKAL IRUDIGILEAK, 10038 posta kutxa, Bilbo 48005, Bizkaia.

Proiektuaren berri izateko:
https://www.erein.eus/literatura-para-adultos/colecciones/dss2016/eu

Share Button