Isaak Martínez eta Liébana Goñi egileek irabazi dute 2016ko Etxepare saria Zerua gris dago albumarekin.Etxepare sarian 23 lan aurkeztu dira.
Lan irabazlea: Zerua grisa egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa da. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere. Elur artean denbora aurrera doa, baita haien arteko erlazioa ere.
Epaimahaia: Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute.
“Albumean adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila.” “Zerua gris dago lanak zeru grisaren azpiko zelai zurian aurki daitekeen bizitzari gorazarre egiten dio, poliki eta kontu handiz, elur maluta elurtzara erori ohi den eran, eta hoztasunean lagun bat izateak ekar lezakeen konplizitate koloretsua erakusten digu, berdin dio lagun hori neska ala mutila izan.” “Testuaren eta irudiaren —gutxitan bezalako— oreka nabarmendu nahi dugu, apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela.” “Zerua gris dago lanak elurraren isiltasun mutuan murgiltzen gaitu, gainerako doinuak aditzeko. Elurretan oinak sartzeko gonbita egiten digu urrats-soinuekin gordeketan jolasteko.” “Irudiak oso aberatsak dira erabilitako kolore zein ukiarengatik eta erakusten dituzten xehetasunengatik. Horiek guztiek irakurketa ezberdinak ahalbidetzen dituzte eta erakargarri egiten dute historia. Gainera, planoak aldatzen direnez, erritmoa mantendu egiten da eta irakurlearen arreta mantentzen da.” “Zerua gris dago lanak hitz solteak, esaldi laburrak, onomatopeia esanguratsuak eskaintzen dizkigu irakurleoi, orriz orri, irudiak lagun eta erritmo pausatuan, bi protagonisten jokoan parte hartzeko.” |
Saria: Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.
Argitalpena: Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2016ko udazkenean.