BIKO-TEKA lau egun eta erdiko ikastaro trinkoa izango da. Bertan, liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute idazle eta ilustratzaileek binaka, Harkaitz Cano idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen gidaritzapean. Euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute gainera parte hartzaileek aurten: liburu grafikoak argitaratzen dituzten Unai Pascual (Denonartean) eta Pello Elzaburu (Pamiela) editoreek tailerraren azken egunean saio bat eskainiko baitiete sortzaileei.
Tailerraren xede nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Aurten gainera, album ilustratuen edizioaren munduak gurean nola funtzionatzen duen arakatuko da. Hala, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du.
8 bikote bakarrik
Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko die beste hautagaien artean Galtzagorri Elkarteak. Guztira, 8 bikote onartuko dira eta horiek beka bana jasoko dute Iruñeko Descalzos kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan (Descalzos kalea 56, 2. solairua) goizez eta arratsaldez, urtarrilaren 29, 30, 31 eta 1ean, eta goizez bakarrik otsailaren 2an burutuko den formazio tailerrean parte hartzeko.
Informazio gehiago Galtzagorri Elkartean
Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2018ko urtarrilaren 15a izango da. PDF