Aurrera doaz Euskal Irudigileak Elkarteak antolatutako hitzaldiak, eta aldi honetan Angel Rémirez de Ganuza izango dugu solaskide. Egileak berak azalduko digu bere lana:
“Dibujante tunante, askotariko lanetan saltsan eta era guztietako korapilo askatzaile. Arte Ederretan lizentziatua margo espezialitatean, hori oraindik zerbait zenean eta 2Dko animatzaile, animazioa animazio besterik ez zenean, hots, animazioa, paper pibotatua, storyboard-a, hondoen diseinua eta pertsonaien diseinua. Horrek eskarmentua eta azkartasuna ematen du arkatzarekin edozer egiteko. Horma batean nahiz eszenatoki batean. Istorio bat kontatzea da garrantzitsuena, eta aurkikuntzak bidean egiten dira. Emaitza, lanaren hondarra baino ez da.
Zure pasioa den zerbait irakastea atsegina da, eta niretzat munduko lanik onena neukan Arte eta Ofizioen Eskolan irakasle aritu nintzen urteetan (iaz ikasle gisa itzuli nintzen bertara, modelo bizien posatuak aprobetxatzera). Irakasteak joan-etorriko ibilbidea du, ematen duzuna eta ikasleengandik jasotzen duzuna, biak dira aberasgarriak, erne egonez gero”.
Gonbidatuta zaudete solasaldi honen bidez bere lana eta esperientziak ezagutzera.
Datorren urriaren 15ean izango da, eguerdiko 12:00etan, Zuloa liburu-dendan (Hedegile Kaleko 21 zenbakian, Gasteizen).