Hemen dira berriro Euskal Irudigileak elkarteak antolatutako solasaldiak, eta nobedade eta guzti datoz oraingoan. Hitzaldiak Iruñean hasiko dira, horrela men egingo diegularik bazkideen etengabeko eskaerei. Ekitaldia maiatzaren 13an izango da, eguerdiko 12:00etan. Katakrak liburu-dendan (Kale Nagusia, 54), Belatz ilustratzailearekin.
Mikel Santos “Belatz” (Iruñea 1974) umorista grafiko bezala hasi zen lanean, besteak beste, TMEO fanzinean, auzoko aldizkarietan, kultur elkarteetan eta doako egunkarietan. Aldi berean, ilustrazio lanak egin zituen komunikazio-enpresa eta editorialentzat, eta baita ere Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren kanpainetarako. Makina bat haur-ipuin ilustratu ditu Elkar editorialarentzat (“munstro bat edukiontzian”, “Sagarraren misterioa”, “107 Kiwi”, Ikazkina Olentzero bihurtu zenekoa”, “Hagintxoren tripako mina”…).
2007an freelance gisa marrazten hasi zen Kukuxumusun, eta hantxe jardun zen 2016ra arte. Urte hartan, Mikel Urmeneta eta beste hiru marrazkilarirekin bat egin zuen Katuki Saguyaki marka sortzeko.
Komiki ugari egin ditu bere ibilbidean zehar, eta gaur egun 150 orrialdeko nobela grafiko bat egiten ari da Txalaparta editorialarentzat.
Hitzaldian errepaso bat emango diegu bere lan garrantzitsuenetako batzuei, jakingo dugu nola bizi duen Kukuxumusu markaren barruko auzia eta hurbiletik ezagutuko ditugu bere obraren atzeko prozesuak.
Zuen zain egongo gara!!!