Iban Illarramendi eta Eider Perez egileek irabazi dute 2022ko Etxepare saria KIRATSA albumarekin
Etxepare sarian 35 lan aurkeztu dira.
Lan irabazlea: Kiratsa album ilustratuak Ñimi kukuso edo arkakuso baten abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen digu: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.
Testua ezin egokiagoa da album baterako: laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezitatzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola René Magritteren zeruenak— eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak.
Testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa goi mailakoa da eta esan daiteke idazle-ilustratzaileek album, ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa emanen duena.
Epaimahaia:
Miren Asiain (ilustratzailea)
Idoia Sobrino (liburuzaina)
Patxi Zubizarreta (idazlea)
Saria: Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa.
Argitalpena: Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2022ko udazkenean.