MARRAZIOAK XIII – DEIALDIA

MARRAZIOAK XIII – DEIALDIA

2021eko irailaren 27tik urriaren 1era burutuko da MarraziOak Ilustratzaile Topaketen XIII. edizioaren deialdia.

Aurten, tailerraren gidariak Ignasi Blanch eta Harkaitz Cano izango dira. “BYE BYE, GIZONTXO! TIPOAK, ESTEREOTIPOAK ETA ARKETIPOAK” goiburupean, duela bost urte emakumezkoaren errepresentazioan oinarrituta Blanchek eta Canok eskaini zuten ikastaroaren B aldea izango da aurtengoa. Izan ere, estereotipoez haratago doan gizonezko berri baten marrazketari buruz modu kritiko batean hausnartuko dute MarraziOaken aurtengo edizioan.

Azken urteetan bezala, Undermount-en (* Aita Orkolaga pasealekua 46, Igeldo, 20008, Donostia) burutuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren laguntzari esker.

Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara bitarteko ordutegi jarraitua izango du tailerrak. Tartean, bazkaltzeko ordubeteko atsedena egingo delarik.

Guztira 10 ilustratzailek izango dute MarraziOak-eko 35 orduko formazioa doan jasotzeko aukera. Parte hartu nahi dutenek dokumentazio arruntaz gain, beste bi ilustrazio hauek egin eta bidali beharko dituzte [email protected]–era:
1- Gizonezko pertsonaia bat bere bizitzako objektu garrantzitsu batekin.

2- Gizonezko pertsonaia hori bera, txikitan, bere gustukoena zen jostailuarekin edo gogokoena zuen jolasean jolasten.

Ilustrazio horietako bakoitzean pertsonaia bat baino gehiago ager daitezke (lagunak, familia…).

Dokumentazioa bidaltzeko azken eguna uztailaren 11 izango da. Aukeratutakoei 2021eko uztailaren 19ko astean erantzungo zaie.

 

 

Share Button