PRICE IT RIGHT
European Illustrators Forum (EIF) erakundeak koordinatutako kanpaina bat, ilustrazioaren arloko profesionalak eta beren bezeroak kontzientziatu eta laguntzeko aurrekontu egokiak egiten.
ZERGATIK DA BEHARREZKOA KANPAINA HAU?
Badakigu negoziazioa eraginkorra izaten dela prezioak eta tarifak argi daudenean. Onuragarria da bi alderdientzat, bai ilustratzaileentzat eta bai bezeroentzat.
Tarifetan konfiantza izateko. Ilustrazio lanak badu tarifa-egitura logiko bat, eta lizentzia baten truke bezeroek nahi dutena ordaintzen dute (ez behar ez dutena). Sistema sinplea da, baina argia izan behar du. Aitortzen dugu ilustratzaile eta bezero askok beti ez dutela konfiantza izaten tarifetan.
Ilustratzailearen lana behar bezala baloratzeko. Askotan suposizioak egiten dira ilustrazio bati eman dakizkiokeen erabilpenei buruz, hori ez baita islatzen tarifetan. Horrek ilustrazioaren balioa gutxitzen du, eta ez da kontuan hartzen lizentziaren eredua.
Enpresak kontzientziatzeko. Negoziazioa beti da bidezko prezioa ezartzeko prozesuaren zati bat, baina negoziazio hori egiteko argi azaldu behar zaizkio bezeroari zergatik eskaintzen zaion prezio jakin bat. Lan guztiek izan behar dute prezio bat zeinak bete behar dituen irizpide estandarrak ilustrazio baten erabilpenari, lizentziaren iraupenari eta erabilpen-lizentzia horrek indarra izango duen lurraldeari dagokionez.
ZER LORTUKO DA KANPAINAREKIN?
– Negoziazio argi eta gardenak.
– Ilustrazioaren balioa hobetzea.
– Prezioak hobeto ulertzea eta konfiantza handiagoa izatea.
NOLA INPLIKATU NAITEKE?
1. Partekatu kanpaina
Ilustratzaile eta bezeroek kanpainaren logotipoa deskargatu dezakete, logotipoaren bitartez iragartzeko bidezko prezio gardena eskaintzen dugula proiektu guztietan. Deskargatu hemen kanpainaren irudiak.
2. Partekatu zure esperientziak
Partekatu Price It Right kanpainaren barruan izandako esperientziak #PriceItRight traolarekin, eta sar zaitez bidezko ordainketen mugimenduan.
“Batzuetan, enkargu bat ez galtzearren ilustratzaileek edozein lan hartzen dute, edozein baldintzatan eta negoziatu gabe, baina hori ezin da izan; nire esperientziak diost negoziatu behar dela eta askoz arrakasta gehiago ditut nik porrotak baino, ez da ezer gertatuko, inork ez dizu telefonoa esekiko”.
Miguel Cerro: www.miguelcerrocreacion.com
3. Parte hartu inkestan
Bete ezazu inkesta hau. 7 galdera baino ez dira, eta zure erantzunak baliagarri izango zaizkigu jakiteko kanpaina honek nola lagunduko duen gure sektorea hobetzen. Eskerrik asko!
Hasi inkesta
NOLA EGIN DEZAKET NIRE LANAREN AURREKONTU EGOKIA?
Hasi baino lehen, utz dezagun argi kontzeptu hau:
Ilustratzaileak EZ DU BERE LANA SALTZEN, BERE LANA ERREPRODUZITZEKO ESKUBIDEAK LAGATZEN DITU.
Horregatik, lan baten jabetza intelektuala beti izango da bere egilearena.
Lan edo obra bat baldintza zehatz batzuen arabera lagako da, eta baldintza horiek lagapen-kontratuan agertu beharko dira, edo halakorik ezean, fakturan. Hauek dira baldintza horien ezaugarriak:
– Zein formatutan erreproduzituko den:
Azalean, kontrazalean, barnealdean, posterretan, ikus-entzunezkoetan, bideo-jokoetan, e.a. Ilustrazio bat azalean erabiltzeak gehiago balio du barnealdean erabiltzeak baino, eta gutxiago kartel batean erabiltzeak baino.
– Zein eremu geografikotan erreproduzituko den.
Ilustrazio bat garestiago izango da maila nazionalean banatzeko bada, eta merkeago maila lokalean banatzeko bada.
– Lagapenaren iraupena.
Ilustrazio bat garestiago izango da lagapena 3 urterako bada, eta merkeago 3 hilabeterako bada.
Ilustratzailearen irabaziek bere obrak sortutako irabaziekiko proportzionalak izan beharko lukete. Horregatik, hiru parametro hauen arabera egin beharko luke bere lanaren aurrekontua.
– Irakurri arretaz Guía Ninja del Ilustrador liburuko atal hau. Galiziako Ilustratzaileen Elkarteak editatua. Ezinbestekoa.
– Kontsultatu zure lankideei.
Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) debekatu egiten die elkarteei tarifa orientatiboak gomendatzea. Beraz, sektoreko tarifak ezagutzeko modurik onena da lankideekin hitz egitea edo sare sozialetako foroetan kontsultatzea. Ez beldurrik izan galderak egiteko eta prezioez mintzatzeko.
– Kontsultatu Ilustratzaile Elkarteei.
Lagundu diezazukete eskubideen lagapen kontratuekin, klausulei buruzko alderdi zehatzekin, eta abar. Hori bai, ez dizute preziorik emango, Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) debekatu egiten du eta.
Lanbidearen parte da prezioez hitz egitea lankideen artean, eta parte funtsezkoa gainera.
BALIABIDEAK
Guía Ninja
Deskargatu hemen Guía Ninja del Ilustrador PDF osoa. Galiziako Ilustratzaileen Elkarteak editatua.
NOR DAGO KANPAINA HONEN ATZEAN?
Kanpaina hau Ilustratzaileen Europe Foroak (EIF) garatu du. EIFek 18 kide ditu, denak ere Europako eta mundu mailako 12.000 ilustratzaile inguru ordezkatzen dituzten elkarteak.
ESKERRIK ASKO ILUSTRATZAILE PROFESIONALEN SEKTOREA HOBETZEN LAGUNTZEAGATIK!
#PRICEITRIGHT