Irailaren 8tik 12ra egingo dira aurten Marraz(i)Oak topaketak, Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Artelekuren laguntzarekin antolatuta. Artelekuren egoitza berrian egingo dira, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan. Gustavo Puerta literatur adituak eta Elena Odriozola ilustratzaileak gidatuko dituzte topaketa hauek “Aldare profanoak” goiburu hartuta.
Aldare bat gertaera narratibo bat da. Bertara sinestunak narratiboki gerturatzen dira, beraien beldur, sufrimendu, desio eta esperantzak adieraztera. Aldareetan komunikatzeko behar bat dago, baina aldi berean modu estetikoan espresatzeko ahalmena ere badago. Ikonotik erretaularaino, aldareak irudikatzeko modu desberdinak biltzen ditu, hauetako bakoitzak gauza edo gertaera zehatz bat kontatzen du, forma zehatz eta desberdin batean. Esparru honetan, irudikatutako figuren nolakotasun sinbolikoekin edota ezaugarriekin egin dezakegu lan. Bestela, pertsonaia horren bizitza eredugarria eta bere sufrimenduak kontatuz sekuentzia bat ere landu daiteke.Eta, nola ez, bizitza eredugarri horren atzean dauden bizio eta neurrigabekeriak ere zigortu daitezke. Begirada desideologiko bat lantzean, kasu honetan ilustrazioa lantzerakoan, perspektiba desberdina eta harrigarria lor dezakegu, gure kultura tradizionalen planteamendu estetikoak geureganatuz.
Aldare baten eraikuntzak hainbat alor lantzeko aukera emango dio tailer honetan parte hartuko duenari: pertsonaia baten narratibotasun ez-sekuentziala, erregistro sinbolikoa, eta, besteak beste, estetika eta kolorea. Tailer hau, jolaserako, hausnarketarako, sormen pertsonalerako eta elkarlanean sortzeko lekua izango da. Bertan tradiziozko hizkuntzarekin esperimentatzeko beharra aldarrikatuko dugu.
Metodologia
Tailerraren lehen saioetan, errepresentatibotasun grafikoen hausnarketa eta imitazioetan zentratuko gara. Eskapulario eta zingarriekin hasiko gara, sinboloaren gaian sartzen hasteko, eta gure ondare ikonografikoan murgilduko gara, baita haren zentzu psikologikoan ere. Ondoren jatorri erlijiosoa duten eredu narratiboak landuko ditugu, hala nola, Errusiako estanpa herrikoiak (lubki) eta ex votoak, hauen estrukturak eta gaiak aztertu ondoren, hortik aurrera geure istorio propioak sortzeko. Geure hausnarketarekin jarraituko dugu santoral bat sortuz, eta honetan gu geuk aukeratuko dugu pertsona, animalia edo gure mirespena jasoko duena. Beharrezko santifikazioa egin ondoren bere bizitza eta mirariak narratzera pasako gara.
Norentzat
12 irudigilek hartuko dute parte. Parte hartzeko baldintza orokorrak:
· Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute.
· Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.
· Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da.
Eskaintza
Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie epai-mahaiak aukeratzen dituen 12 lagunei. Beraz, beka bana izango dute tailer honen formazioa jaso eta bertan sortuko diren lanak bideratu eta bistaratzeko.
Izen ematea
· San Ignazioren bizitzaren kapitulu bat marraztu beharko dute. Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko dute:
· Curriculuma
· NANaren kopia bat
· Posta elektronikoaren helbidea
· Telefono zenbakia
Dokumentazioaren hiruna kopia bidali beharko dute CD formatuan helbide honetara:
Galtzagorri Elkartea
Zemoria kalea, 25, behea.
20013 Donostia
Epeak
Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2014ko ekainaren 30a izango da.
Aukeratutakoei 2014ko uztailaren 30an erantzungo zaie.
Informazio eta argibideak
943 471 487
www.galtzagorri.org
[email protected]