Aitziber Alonso, Leire Salaberria, Jokin Mitxelena, Maite Gurrutxaga eta Eider Eibarren lanak hautatu ditu OEPLIk, Espainiako Estatuko beste 11 ilustratzaileenekin batera bi urtean behin egiten den Bratislavako Biurtekora aurkezteko. Ospe handia duen Haur eta gazte liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa hau Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, UNESCOren Eslovakiako Batzordeak eta BIBIANAk (Haurrentzako Artearen Nazioarteko Etxeak) antolatzen dute. Iraila eta urrian zehar burutuko da 2017ko edizioa. Mundu guztiko ilustratzaileen jatorrizko lanen erakusketaz gain, haur eta gazteentzako liburuen ilustrazioan adituak direnen nazioarteko sinposio bat ere burutuko da.
Bratislavako Biurtekoan, nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen dituzte. Haur eta gazte liburuen ilustrazioen erakusketa honetan nazioarteko epaimahai batek honako sariak ematen ditu: GRAND PRIX bat (3.000 $), 5 URREZKO SAGAR (Bakoitza 1.500 $ eko balioarekin) eta 5 Plaka (bakoitza 1.000 $koa).
2017ko Biurtekoan parte hartzeko asmoz, 45 ilustratzailek aurkeztu dute guztira euren hautagaitza. 15 izan dira aukeratuak, berriki argitaratutako 24 libururekin.
Aukeratuak izan diren 15en artean, 5 euskal ilustratzaileak dira:
-Aitziber Alonso: “Nik ere nahiko nuke mango bat” eta “KULUN-KUTTUNAk” (Denonartean).
-Leire Salaberria: “¿Dónde está Tomás?”(Ekaré) eta “Martin en el mundo de las cosas perdidas” (Bambú ediciones).
-Jokin Mitxelena: “La botella del señor Augusto” y “Zapatirroja” (Cenlit Denonartean)
-Maite Gurrutxaga: “Las aventuras agrícolas de un cockney” eta “Las aventuras de un padre de familia”(Nórdica).
-Eider Eibar: “Barrukoa” (Edo!) eta “Tipi-Tapa-Tipi ilunabarrean”(Denonartean)