Amaia Egidazu egileak irabazi du 2021eko Etxepare saria DOROTEA albumarekin

Amaia Egidazu egileak irabazi du 2021eko Etxepare saria  DOROTEA albumarekin

Etxepare sarian 30 lan aurkeztu dira. Lan irabazlea: Natura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen ditu Dorotea albumak: hona hemen amatxi, bakardadean, eguneroko deserotasunen eta eragozpenen aurrean, ausart, konponbide bila.

Testuaren aldetik, paralelismoak, segidak, errimak eskaintzen dizkigu, oihartzuna landuz, josta gaitezen; ilustrazioaren aldetik, bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen digu, iragana oraineratuz eta aldarrikatuz, diberti gaitezen. Album petoa, oreka betekoa, istorioak eta ilustrazioak aldi berean irakur ditzagun irriz eta irrikaz.

Epaimahaia:
Leire Salaberria (ilustratzailea)
Idoia Sobrino (liburuzaina)
Patxi Zubizarreta (idazlea)

Saria: Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan.Argitalpena: Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2021eko udazkenean.

Saridunari buruzko informazioa:

Amaia Egidazu Arrube (Durango, 1981) berriztarrak umetatik izan du naturarekiko begirunea, eta zaletasun horrek Euskal Herriko Unibertsitatean Biologia ikasketak aukeratzera eraman zuen.Ingurumena eta energía berriztagarrien sektorean lan jarduera desberdinetan aritu ondoren, haurren pedagogiarekiko interesak arlo horretako formakuntzetan murgiltzera bultzatu zuen.Egun, amatasuna eta haur txikien bidelagun lana uztartzen ditu eskola aktibo batean.Tamara Chubarovsky-ren errima-sortak eta ipuinak euskarara itzuli eta moldatu ditu. Txikienentzako ipuin kontaketan ere dihardu aukera duenetan.Gaztetatik ditu gustuko arte plastikoak eta sormen-lanak. Dorotea da idazten eta ilustratzen duen lehen liburua (2021).

Share Button