Leire Salaberriaren ‘Hiltzaileak’, 2014 Etxepare sariaren irabazle

Leire Salaberriaren ‘Hiltzaileak’, 2014 Etxepare sariaren irabazle

Leire Salaberriaren (Andoain, 1983) Hiltzaileak lana izan da 2014ko Etxepare sariaren irabazlea. Salaberriak Bigarrenez irabazi du Nafarroako zenbait udal eta Mankomunitatetako Euskara Zerbitzuek, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin batera, antolatzen duten haurrentzako euskarazko bilduma ilustratuen lehiaketa.

Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatutako epaimahaiaren iritziz, Salaberriaren lana izan da onena bildutako 25 lanen artean. Arrietak sari banaketa egunean azaldu zuen bezala, “Hiltzaileak emozio batetik abiatzen da, beldurra, egonezinaren eskutik narrazioaren bukaeraraino eramaten zaituen istorioan. Hitza eta irudia primeran uztartzen ditu eta intrigari eusten dio istorioa amaitu arte”.

Izan ere, Salaberriaren lana hitz-joko bat dela erran daiteke, “suhiltzailea” hitzetik abiatzen dena. “Hizkun-tza bera izan zen ideiaren jatorria”, azaldu du egileak. Bukaeraraino argitzen ez den suhiltzailearen pertsonaia erabiliz, “hiltzaileak” zeintzuk diren, nolakoak diren azaltzen digu istorioak. Arrietak azaldu bezala, “amaiera biribil bezain lasaigarri batez ixten du trama, irakurlea jokoaren partaide bihurtuz”. Idazleak “adar-jotze” bat bezala proposatutako istorio honek, hartara, berrirakurketara bultzatzen du.

Ilustrazioak egiteko erabilitako teknikari dagokionez, artistak pirografia izenekoa erabili du. Pamielako editoreak azaldu bezala, Hiltzaileak udazkenean argitaratuko da eta 1.500 ale merkaturatuko dira.

Share Button