Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Marraz(i)Oak-en bosgarren edizioa antolatu du, “Baztertuak. Album mutuak sortzeko tailerra” lelopean. Irailaren 16tik 19ra egingo dira topaketok Artelekun.
Aurtengo edizioan Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch arituko dira irakasle lanetan.
Tailer intentsibo honetan album mutuak sortzeko teknikak ikasi eta arakatuko dira. Bazterketa modu berriekin zerikusia duten 8 album mutu sortu nahi dira tailer honetatik abiatuz: 14 orrialde bikoitz, azala, ataria, guardak, estalkia eta kontrazala.
Guztira 8 ilustratzailek hartuko dute parte. Horiek aurrez epai-mahai batek hautatuko ditu. Parte hartzeko beharrezkoa izango da Euskal Herrikoa izatea eta Galtzagorriko bazkide eta Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea baloratuko da. Parte hartzaileek gutxienez liburu bat argitaratua izan beharko dute eta osatu nahi duten proiektu pertsonalaren eta albumean landu nahi duten gai zehatzaren azalpena bidali beharko dute. Eta egin nahi duten albumaren bi orrialde guztiz bukatuta.
Horrez gain, curriculuma, NANaren kopia bat, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia aurkeztu beharko dute. Dokumentazio horren 3 kopia CD formatuan Galtzagorri Elkartera bidali beharko dira (Zemoria, 25-behea 20013 Donostia).
Izen emate epea 2013ko ekainaren 15ean amaituko da eta epai-mahaiak hautatutakoei 2013ko uztailaren 19rako erantzungo zaie.
Informazio eta argibide gehiago behar izanez gero deitu telefono honetara 943 471 487